19 apirila 2025

EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen azken greba-zikloaz honako hau esan nahi dugu

Gure kide Daviden artikulua EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen azken greba-zikloari buruz

Euskal Herriko hezkuntza publikoa une kritikoan dago. Inbertsio faltak, hezkuntza-langileen lan baldintzen okerragotzeak eta Eusko Jaurlaritzaren jardun-ezak gero eta haserre handiagoa piztu dute langileen artean. Hezkuntza Sailak jarrera itxia mantentzen duen bitartean —esanez grebak eta lanuzteak bertan behera uzten ez diren bitartean negoziazio-mahaia ez dutela deituko—, sindikatuek jarrera hori xantaia hutsa dela salatu dute, eta, benetako aurrerapausorik gertatu ezean, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela ohartarazi dute. Egoerak greba-ziklo handi eta jendetsu bat eragin du, sektoreko desadostasun orokortua agerian utzi duena.

Hezkuntza publikoko langileek aldarrikapen argi eta premiazkoak egin dituzte. Hona hemen eskaerak: lan-zamaren arintzea helburu duten neurri eraginkorrak, plantilla gaztetzeko plan egoki bat, enplegu publikoa egonkortzea eta bermatzea, erosahalmena berreskuratzea eta lan osasunaren esparrua hobetzea. Horretaz guztiaz gain, hezkuntza publikoan inbertsio handiagoa behar dela aldarrikatzen dute, sistemari behar besteko baliabideak gehitzeko, eta euskara sendotzeko eta hezkidetza sustatzeko neurri zehatzak ere eskatzen dituzte. Erreibindikazio horien bitartez arindu nahi den egiturazko krisi honi ebaluazio-sistemetako aldaketa etengabe eta inposatuak gehitu behar zaizkio, bai eta gero eta burokrazia-karga handiagoa ere;  gainera, ez gelako errealitatearekin ez etengabe aldatzen ari den gizarte baten behar errealekin ere zerikusirik ez duten online-formakuntza hutsalak modu zentzugabean areagotu dira. Erabaki horiek guztiak modu bertikal eta unilateralean hartzen ditu Hezkuntza Sailak, irakasleen eta gizarte-eragileen iritzia kontuan hartu gabe, eta horrek sektorearen prekarizazioa eta irakasleen lan-zama larriagotzen ditu. Unea heldu da egoera iraultzeko, konponbide zehatzen eta konpromiso irmoen bidez. 

Mobilizazioek erabateko arrakasta izan dute: greba-egunetan irakasleen %75ek parte hartu dute, manifestazio jendetsuetan milaka irakasle bildu dira eta “Lan hitzarmen duina Orain!” lelopean Eusko Jaurlaritzaren aurreko belardia okupatu dute Gasteizen. Irakasleek antolakuntzarako eta borrokarako euren gaitasuna erakutsi dute. Presio horrek Hezkuntza Saila negoziazioetara esertzera behartu du, momentuz benetako edukirik gabeko bilerak izan diren arren. Argi geratu da, hala ere, mobilizazioa dela, eta ez elkarrizketa itxuratiak, Eusko Jaurlaritza benetako neurriak hartzera behartuko duen bide eraginkor bakarra.

Hezkuntza publikoa hobetzeko borroka ez da soilik lan-baldintzei buruzkoa: jokoan dagoena gizarte osoaren onurarako izango den kalitatezko hezkuntza-sistema bermatzea da. Hezkuntza-sektorearen prekarizazioak zuzenean eragiten die herritarren eskubideei; alegia, doako eta kalitatezko hezkuntza publikorako eskubideari. Horrexegatik, CNTtik irakasle guztiak animatu nahi ditugu borrokan jarraitzera, eta gure sindikatuko kideei dei egiten diegu euren eskubideen eta zerbitzu publiko duin baten alde mobilizatzen jarraitzeko. Batasuna eta erresistentzia dira politikari arduragabeen jarrera itxiaren aurkako armarik eraginkorrenak.

AURRERA EGIN DEZAGUN, DENONTZAKO INDARTSUA ETA BIDEZKOA IZANGO DEN HEZKUNTZA PUBLIKO BAT LORTU ARTE!